Atearen barrualdean

Atearen barrualdean
laztanak taupada dira,
eta keinuak hitz.

Atearen barrualdean
distantziak dentsitate
aldakorra dauka,
eta joan-etorriko
erakarpenean
dantzatzen du.

Atearen barrualdean
hutsunea ere badago,
likido amniotikoak
bezala
elikatzen gaitu.

Atearen barrualdean
gutxi asko da,
eta hilzorian zegoena
berpiztu da.

Atearen barrualdean
soberan dagoena
agerikoa
bilakatu da,
eta funtsezkoak
kolore berezia
hartu du.

Atearen barrualdean
naiz.

Mugimendua ez baita
egiten duguna,
garena baizik.