Kimatuta

Gorputz emearen baitan egin nuen lehen arnasa,
eta baita hurrengoak ere.
Amaren eskuak lehen kabi,
eta baita ondorengo bidaide ere.
Emakume larruan jaio nintzen,
andre zer ote den ez badakit ere.

Amaren ele eta laztanek babestu nindute,
beharraren aintziran murgilduta.
Berak ez zekien, baina non nintzen esan nahi zidan.
Berak ezin zuen, baina bide berriak eskaini gura zizkidan.
Kimatutako bere gorputzeko orbainak estali,
eta goi adarretara begira jarri ninduen.
Berak ikusten ez zituen tokietara begira.

Gora, gora, jo nuen, helbor eta hosto.
Eskolako egunek esan zidaten nondik nora hazi.
Kima, kima, kimatu.
AndereƱok mozten zituen nire adar indartsu, bortitz eta zabarrak.
Erakutsi zidan hauek goxo, otzan eta apain garatzen.
Baina hazi ziren berriak ere.
Jotzen nituen mutilak, maite nituen autoak,
adatsa labur, ostikoz ostiko mutiko.

Baina bultza.
Udaberriz udaberri ikasi dut
mozturiko adarrak beti hazten direla berriz.
Indarrez, berrituta, bestelako hostoak sortzera.
Udaberriz udaberri erakutsi dut
ez naizela kimatua geratu.
Goi adarretara begira jarri ninduen
hura bezala.