Casamance, etxea irribarren bihotzean

2023ko udako bidaiaren oroitzapen txatalak

Gugan dago osatzeko gaitasuna, eta naturarekiko harremanean bizi diren komunitateetan murgiltzeak gogorarazi egiten digu. Casamance lurra da, bere horretan, eta ura, ibaiaren jarioa bizia.

Casamanceko manglareetan ostrak opari, karramarroak jostari, eta arrainak geraezin. Manatien bila bota dugu begirada, krokodilo iheslarien artean arraunean aritu gara, eta plakton distiratsuak ilargi beteko gauak piztu dizkigu.

Tximeleta hori bixiek erakutsi dizkigute lur gorriko bideak, barraskilo erraldoiekin jolastu gara, eta tximinoen lorratzetan galdu. Ahuntzak kide dira, ongietorria eskaintzen dute, bihotz zabaleko etxeetan.

Zeiba erraldoien bihurguneetan fetitxeek munduen arteko elkarrizketez dihardute, gizakiak besteekin hartu-emanean bizi dira hemen. Hartu bezala, eskaini. Eta oinarrizkoarekin egunerokotasunak josteko abilezia eta erraztasunak gure “garapena”ren zimurduretan astindu dira, izpirituaren ahotsak soberakoa agerian uzten du. Casamancek ikasle bilakatzen gaitu emandako pauso bakoitzean, eta ikasten goazenak batzuetan hiz eta irudi forma hartzen du.

Komunitate BAT

Ez da ama bat, amak baizik. Ez da ni, gu baizik. Ez da nire semea, gurea da.

Bizitza ez baita jabetza.

Baten beharra, gure baliabideetatik. Gure beharrak, nire ahalmenetatik.

Jakinduria orokorra, denon hobebeharrerako.

Non dago nire eta gure arteko muga?

Lurrak ez dauka mugarik. Non hasten da zuhaitza, eta amaitu arnasa?

Non daude hartu eta ematen ditugunak?

Eman gabe hartuta, erortzen gara. Hartu gabe emanda, itotzen gara.

Komunitatea arnasa da. Badakit non nagoen. Badakigu nongoak garen

Kassumay. Harremanean gara

Nola egingo dugu zerbait elkarrekin, ikusten ez bazaitut?

Ikusten zaitut. Axola zait nola zauden. Eta nor zaren. Zein da zure izena? Kaya e vu?

Nire izena Aran da. Badakit nor naizen. Nor zaren. Orain.

Eta non gauden.

Eta hortik harremandu gaitezke, ez bestela.

Harremana da garen horretatik, elkar ikusiz, egitea eta egotea.

Zuk mundua ikusten duzun modutik, niretik, elkar ulertzeko balio diguten hizkuntzak erabiliz… eta edozein kasu elkarren errekak zeharkatuz.

Errekak ez dituzu ezagutzen, murgildu arte. Casamance.

Harremanen artea darie senegaldarrei.

Gelditzea

Begietara begiratzea

Erantzunak itxarotea

Kassumay galdetzea

Erantzunak itxarotea

Nor naizen esatea

Eta itxarotea

Eta…

GU sare bat da, mugimendu bat espiralean.

Djatita djatita

Nola neurtzen da denbora, egon gaudenean?

Zertarako neurtu baina denbora, bizitza orain baldin bada?

Taupada bakoitza neurtuko zenuke, ondo bizi zarela jakiteko?

Taupaden neurriak emango lizuke bizi onaren zigilua?

Hemen ez dago bidea, pauso bakoitza baizik.

Zertarako nahi dugu jakin zein den hurrengoa?

Eta nola jakin zer norabide?

Pauso bakoitzaren jabe izan gabe?

Eta zer, ez badakizu nora zoazen? Non bilakatzen da bizitza urrats?

Zeibaren abaroan

Zuhaitz erraldoiaren barruan dago gordelekua, babesa eta kobazuloa.

Eta ikusmira, 25 metro horietatik gora adarretara igo ezkero.

Dena ikusten da handik. Ikusmiraren boterea dago han. Naturaren boterea.

Goiko eta beheko babesa. Handia da dena hemen. Maiestatetsua.

Bizitza ospatu, heriotzaren ertzean

Bizi izana, bizitza luzea, kolorez eta astinduz ospatzen dute.

Agurtu, dena “ongi” dagoela frogatuz, ziurtatuz. “Lasai joan”.

Energia gogor, indartsu atera, astindu, mugitu, agurrak biziak dira.

Huts basa

Askatu, azken ertz horretatik. 
Erori, haizeak mugitzen dituen hitzen dantzan. 
Usteldu, ertz berriak sortuz. 
Zartadura bizietatik. 
Eta hustu. 
Leku egin. 
Hutsune izan. 

 I si lik. 

Zure indar basa
zurrumurrutik burrunbara
entzuten hasi arte.

Atearen barrualdean

Atearen barrualdean
laztanak taupada dira,
eta keinuak hitz.

Atearen barrualdean
distantziak dentsitate
aldakorra dauka,
eta joan-etorriko
erakarpenean
dantzatzen du.

Atearen barrualdean
hutsunea ere badago,
likido amniotikoak
bezala
elikatzen gaitu.

Atearen barrualdean
gutxi asko da,
eta hilzorian zegoena
berpiztu da.

Atearen barrualdean
soberan dagoena
agerikoa
bilakatu da,
eta funtsezkoak
kolore berezia
hartu du.

Atearen barrualdean
naiz.

Mugimendua ez baita
egiten duguna,
garena baizik.